Posteado por: jmleizaola | 25/05/2010

Euskara mespretxatzen zuten euskaldunek

Azken egun hauetan ekitaldi publikoetan izateko aukera izan dugu, eta azken bolada honetan gertatu zaigun moduan, berriro ere kezkati irten gara sarao horietatik. Izan ere, agerraldi horietan agintari publikoak zeuden arren, euskararen erabilera lotsagarria eta benetan urria izan da oso. “Arratsalde on” eta “Mila esker” bezalako perlak baino ez ditugu entzun ustezko euskaldunak diren agintari politikoen ahoetatik. Gainontzeko berbaldiak gaztelera hutsean izan dira, han geundenok gure eserlekuan kurumilkatzen ginen bitartean.

Iparrorratza galtzen duen herriak noraezean dabil, itsaso erdian galduta, eta zurrunbiloa datorrenean, hondoratzeko arrisku larrian dago. Ez genuke zorigaiztoko egoerarik bizi nahi, baina behin eta berriro errepikatuko dizuet gure izaera zaindu eta sustatu behar dugula. Bestela, gureak egin du.

Euskara ez da hizkuntza hutsa, herri baten aztarna adierazgarria dugu, eta hortik hasita gure autogobernua eta gure erakundeak eraiki ahal izan ditugu, Euskal Ituna barne. Gure bizikidetza eta orainarte gozatu ahal izan dugun  bizitza maila gure nortasunaren sustraietatik hasita eraikitakoari zor diogu. Gizarte moduan atzera egin nahi ote dugu, hala aurrera jarraitzeko asmoa da nagusi? Garai batean lortutako onura guztiei uko egingo ote al diegu? Gabeziaren bidea hartuko dugu oraingoan? Ez dut uste inork halakorik nahiko duenik. Beraz, zergatik onartzen ditugu, ezer esan gabe, burumakur eta erdi lotsati euskarari behin eta berriro egiten ari dizkioten bidegabekeriak?

Horrexegatik, euskararen alde egin behar dugu bultza, eta Euskal Autonomi Erkidegoko edozein erakunde publikoa ordezkatzen duten agintariei erabiltzera bulkatu eta animatu.


Deja un comentario

Categorías